euskera - español -  françaisenglish

HIRI ISOLATUA

Bilboko azken setioa, hiriak XIX. mendean jasan zituen lau setioetan luzeena, azken Karlistaldian gertatu zen (1872-1876). 1873ko abenduaren 29an hasi zen, karlistek, itsasadarreko hainbat puntutan kateak jarrita, ibai bidezko nabigazioa bertan behera utzi zuten egunean.

Ondokoek osatzen zuten hiriko defentsa: hiriaren erdigunea inguratzen zuten itxitura, barrikada, lubaki, ate eta bateriek. Bestalde, instalazio militarrak, hala nola Miravilla eta Morroko gotorlekuak edo Abando eta Campo Volantineko aurreko postuak, harresiz inguratutako eremuetatik kanpo zeuden.

Setioaren garairik gogorrena otsailaren 21ean, larunbata, hasi zen, hiria bonbardatu zutenean. Karlistek erraz kanoikatu zuten Bilbo, liberalen gudarosteak geldirik baitzeuden Somorrostroko bataila ospetsu eta odoltsuetan.

Setioak 120 egun baino gehiago iraun zuen, eta 6.785 jaurtigai zenbatu ziren. Martxoaren 23tik aurrera errazionamendua ezarri behar izan zen, eta hiriak gizakien eta materialen galera handia jasan zuen.

Somorrostroko batailetan karlistak garaitu zituztenean, gobernuaren aldeko tropek setioa bertan behera uztea lortu zuten. San Anton zubitik sartu ziren —zalditeria sar zitekeen zubi bakarretik— 1874ko maiatzaren 2an, arratsaldeko bostetan, Concha jeneralaren agintepean.